Bideoklip bat: Skakeitan – Apatia

Egia esan taldea gutxitan entzun dut baina haien azken diskak (Nola galdu denbora, 2019) atentzioa deitu zidan. Musika jamaikarraren maitale naizen arren, paradojikoki, ska musikatik urrundu diren heinean deigarriagoak egin zaizkit.

Azken honetan autotune eta sintetizadorera pasatu dira konplexurik gabe, rap eta traparen influentzia argiarekin. Sua eta XSakarak kolaboratzen dute kantan eta bideoklipa nahiko kuriosoa da. Tipoak letra potenteak ditu, olerkilari fina da eta primerako interpretatzailea gainera.

Abeslari bat: Wanda Jackson

Rockabillyaren erregina, ordurarte gizonak besterik ez zituen rock and rollaren kostelazioan lekua hartu zuena. Hogeitamargarren hamarkadan jaioa, country eta gospelaren munduan hezi zen. Produktore askok berehala ikusi zuten bere abesteko talentua eta gaztetan Elvis ezagutzeko parada izan zuen. Honek rock and rollarekin frogatzea gomendatu zion eta itxura denez, Wandak kontuan hartu zuen tupedun erregearen gomendioa.

Bere ahots urratu, abesti dantzagarri eta balada ederrekin estiloan nabarmendu zen lehenengo emakumea izan zen, genero ikuspegitik oso urrun zebilen ipar-amerikar gizartearen harridurarako. Duela pare bat urte 81 urterekin taula gainetik jeistea erabaki zuen, jubilatzeko garaia baitzeukan.

Pedrito Fernández – La mochila azul

“Rancherak”, zelako estilo paregabea! Naparrok nolabait gureganatu dugun musika da, ardoa eta patxaranarekin dantzatzeko doinu aproposak direlako, akaso. Hemen uzten dizuedana duela gutxi deskubritu nuen eta ordutik ezin dut burutik kendu. Bikotea gerritik helduta edo ezkontza batean korbata buruan ipinita astoarena egiten dantzatzeko primerako abestia da.

Uste dut bere garaian hit aski ezaguna izan zela eta umea telebista kate guztietan jotzen superizar txiki horietako bat bihurtu zela. Pelikula bat eta guzti egin omen zuten izenburu berarekin. Egia esan Pedritoren bizitzaz ez dakit ezer, ezta axola ere, baina esango nuke Pedro izatera pasatu zenean grazia guztia galdu zuela.

Diska bat: The Lio

Euskal Herriko punkrock eszena gorakada betean dagoela dirudi eta azken urte honek zuzeneko gutxi eman dizkigun arren, bere onurak ere ekarri dituela esan genezake. Banda asko konposaketa lanetan ibili dira eta KD dezente argitaratu dira azken hilabeteotan. Talde berriak ere batu dira eszenara; haietako bat, The Lio iruindarrak.

Atera berri duten lan luzean proiektu pentsatua ikusten da, soinu oso landuaz gain abestien estrukturak ondo prestatuak daudelako eta aurkezpenari indarra emateko bideo pare bat atera dituztelako. Estiloa erabat melodikoa da, itsaskorra eta alaia. Brigada Criminal, Iheskide edo Crim bezalako taldeen entzule izan direla nioke nik, diskaren introak argi uzten duen euskal rock erradikalaren influentzia ukaezinaz gain.