Diska bat: Brigade Loco – Amets bati lotuta
Aurrerapen abestia atera zutenetik dezente itxaron behar izan dugu gipuzkoarren bigarren lana entzuteko, Covid madarikatuaren erruagatik. Hala ere, azkenean, gurean da. Lehenengo lan luzearen ildo bera darraite: punk-rock melodikoa eta letra zuzenak, batzuk pertsonalagoak eta beste batzuk gai konkretuekin, ildo politiko markatua mantenduz betiere.
Soinua sekulakoa iruditu zait, eta abestiei dagokionez, pare bat entzunaldirekin iada ezin nituen burutik kendu: kopla potenteak, kriston gitarra eta baxu soloak eta koroz beteriko errepikak. Hamaika tematzar eta bertsio bat opari, Erdialdeko jarraitzaile ugariek gusto handiz jasoko dituztenak, seguru. Pasadizo (Tafalla) eta Freeman (Larraga) tabernetan erosi dezakezue. Birra eta bultzada artean zuzenean ikusteko ordea, itxaron beharko dugu… Ordurarte, izan brigade!
Talde bat: 883
Ez dakit nola deskubritu nuen, eta egia esan ez dakit zergatik gustatu zitzaidan ere, ezin eta poperoagoa baita. Italian 80. eta 90. hamarkadan talde entzunenetako bat izan zen, eta bere lider eta abeslaria den Max Pezzali (2003tik aurrera bakarka jarraitu zuena) bertako superstar sonatuenetariko bat da.
Haien ospeak ez dauka sekreturik: ahots on bat, musika komertzial ultraprozesatua, abesti dantzagarriak eta pastelada erromantikoak. Letrei ez diet erreparatu, bideoei akaso barre batzuk botatzeko. Baina kontuz, hemen uzten dizuedan zerrenda osorik entzuten baduzue seguru abestiren bat buruan hiltzatuta geratuko zaizuela.
Talde bat: Statuto
Nire ska talde kuttunetako bat, dudarik gabe. 1983an sortu zen, Turinen, Mod izaera argiarekin. Subkultura hau Ingalaterran 50. hamarkada bukaeran zabaldu zen arren, gerora Italian indartsu jo zuen, egia esan; Vespa motorrak, traje eleganteak eta rollo futboleroak izaera italiarrekin bat egiten duten ezaugarriak baitira denak. Hala ere, ez da oso ohikoa Mod ska talde asko aurkitzea, eta nazioartean nahiko ezezagunak diren arren Italian erreferente handia bihurtu dira eszena “koadrodunean”. Haien abestiak oso anitzak dira doinu aldetik, baita letrei dagokionez: Futbola (Torinoko ultrak dira), langile klase harrotasuna, maitasun abestiak, baladak… Garaiko pop abestien edo ska talde ingelesen bertsioak ere badituzte. Haien azken diskak ez zaizkit hainbeste gustatu. Entzuten hasteko “Ragazzo Ultra”, “In Fabbrica” edo “Vattene Sceriffo” gomendatuko nituzke, adibidez. Iada aktibo ez dauden arren, ez galdu aukera entzunaldi on bat emateko, merezi dute eta!
Abeslari bat: Toots Hibbert
Orain dela egun gutxi utzi gintuen artista, iada mito bihurtua. Badakit, zuetako askok ezagutuko duzuela, baina ezin nuen aukera galdu nire bizitzako erreferente musikal nagusietako bati lekua emateko. Jamaikan 1945ean jaioa eta txikitan elizako gospel abesbatzetan hezia, berehala ohartu zen bere ahots liluragarriaz eta ska zein rockstedyaren leherketetaz baliatu zen reggae musikaren erreferente nagusietako bat bihurtzeko, bai irlan zein mundu mailan. Toots and the Maytals taldealdearen lider izanik, 20 diska baino gehiago grabatu zituen, belaunaldiz belaunaldi abestuko diren ereserkiak sortuz. Agur eta ohore, reggaearen errege!