Talde bat: Trio Mandili
Gaur Youtubera bideo bat igotzen baduzu egun gutxitan munduko herrialde andanatan famatu bihur zaitezke. Horixe bera gertatu zitzaion Georgiako hirukote honi, paseoan zebiltzala abesti motz baten bideo bat grabatu, sarera igo eta konturatu orduko milaka bisita jaso zituztela. Eta ez da harritzekoa, musikalki haien kanta gehienak oso antzekoak diren arren (letrak auskalo zer dioen…), oso deigarria da haien rolloa.
Askori exotikoa suertatuko zaizue, ez baigaude ohituta polifonia georgiar tradizionalak entzutera, are eta gutxiago hiru neska gaztek abestuta horrelako naturaltasunarekin, haien herritik paseoan doazen bitartean. Nik lehen aldiz ikustean zera pentsatu nuen… “Ze ostia da hau? Ze hizkuntza da? Ze herrialdetan daude?” Bada Georgiako txoko galdu batean, antza (Aitortzen dut, mapan kontsultatu behar izan nuela Georgia non demontre zegoen).
Grabaketak oso kuriosoak dira, ondo ikusten baita bertako jende xumearen bizimodua, eta egia esan, bideoek daukaten gauzarik interesgarrienetarikoa bat azaltzen diren espontaneoak dira. Trio Mandilik iada bi diska atera ditu eta nazioartean ibili dira jotzen: Ukranian, Errusian, Suizan, Polonian… Ea noizko Euskal Herrian!
Abesti bat: Xiberotarrak – Muga gainetik
Tafalla eta Baigorriren arteko topaketak ereserki bat beharko balu hau izango litzateke, dudarik gabe. Bere kopletan dena nahasten da: Goi eta Behe Nafarroa, gaztetasuna eta tradizioa, kopla eta kanta…
Honetaz gain, “Xiberotarrek” Youtuben duten bideo multzo hau brutala da: Niko eta Jean Etxart anaiak, Jean Etchegoyhienekin batera azaltzen dira 70. hamarkadako “rockero” piura xelebrearekin abesti herrikoiak botatzen, gitarra eta txistu batzuez lagunduta gehiegi jota.
Nikori entzun nion elkarrizketa batean, hiritik etorri berria hippie itxurarekin Altzürüküra heldu zenean aitak txoratuta behartu zuela itxuraldatzera, bestela herritik botako zuela abisatuz. Eta zer egin zuen Nikok? Alboko baxerri batera joan zen bizitzera bere “kanpanolo” eta ile luzearekin. Hura bai gaztedi errebeldea, 50 urte pasata oraindik ere rock and rolla zainetan daramana! Zenbat daukagun ikasteko…
Bideo bat: Enemigos del Comercio – En las orillas del puto Arga
Bizardunak aspaldi hil ziren arren badirudi napar indioak oraindik gerla danborrak jotzeko gogoz daudela. Duela ez asko “Ostianayak” ezizenaren pean bizardun ohi bat do bestek perla onak bota zituen, baina oraingoan bideo eta guzti datoz.
Honek ez du deskribapen handirik behar, letra eta irudiek iada dena esaten baidute. Hasi zaitezte aizkorak zorrozten!
Soinu banda bat: Kipper – Kipper
Confessions of a pop performer, 70. hamarkadako pelikula ingelesean azaltzen zen glam-rock abestia, nik dakidala, bertako soinu bandako zenbait abesti egiteko sortu zen taldearen izen bera daramana. Beste bi abesti gehiago dituzte soilik, nahiko ongi daudenak baita ere.
Deja tu comentario