Abeslari bat: Shane MacGowan
Duela gutxi Shane MacGowan (The Nipple Erectors, The Pogues) irlandar abeslari mitikoaren dokumentala (A crock of gold) ikusi nuen (estekan erdarazko azpitituloekin). Bere bi taldeak dezente entzunak nituen arren flipatu nuen.
Nik uste baino pertsonai zoro, xelebre eta interesgarriagoa omen da Shane handia. Hori bai, gixajoak, iada ibil ezinik dabilen arren, ez dio edateari uzten, eta ez da harritzekoa, bere lehen mozkorra 6 urterekin hartu baitzuen. Dokumentalean bere txikitako bizipenak, mozkor eta bidai triposoak, Londresen ezagututako punkaren leherketa eta ondorengo ibilbide musikala kontatzen ditu.
Asko harritu ninduen bere alor militante eta abertzaleak, Irlandaren askatasunaren eta IRAren defendatzaile sutsua baitzen. Burutik nahiko jota egon arren, sekulako abesti ederrak idatzi ditu, bai doinu zein letrari dagokionez. Jenio guztiek zoro puntu bat daukate… Shane MacGowan basque paddys! Sláinte!
Talde bat: Brux
Bartzelonako Oi! taldea, 2018an sortua. Doinu krudel eta ilunak egiten dituzte letra bortitz eta zuzenekin, benetako Oi! musika alegia, 80. hamarkadan entzuten zen horretakoa. LP bat atera zuten hasieran, izaera makarra markatua duena. Orain lau abestiko casette bat atera dute, «Guerra mental», post-punk psikodelikoaren ukitua duena. Pertsonalki soinua arraroegia egiten zait, letrak ez baitira ondo ulertzen. Hala ere, honako hau tematzarra dirudi.
Abesti bat: Cuco Sánchez – La cama de piedra
Azken boladan rantxerak entzuten nabil jo ta su. Nohizbehinka musika mexikarrarekin gertatzen zait, etengabeki entzuten nabilela aspertu eta denbora batez ahazten dudan arte. Hala ere, musika irlandarra edo Zuberoako kantu zaharren antzera, ikaragarrizko nortasuna eta xarma duen musika dela deritzot.
Orain Cuco Sanchezen abestietaz maitemindu naiz, a ze ereserki pila sortu zituen gizon honek! Bereziki honekin txoratuta nabil, buruz ikasteko saiakerak egiten, gerora juerga guztietan abestu ahal izateko. Irakurri nuen Kojon Prietoko lider izandako Gavilanek behin esan zuela bere hiletan kanta hau entzutea gustatuko litzaiokela. Aukera ona! Ez dakit desira bete ote zen… Goian bego!
Bertsio bat: Bob and Marcia – Young, gifted and black
60. hamarkadan Jamaikak sekulako loraldi musikala bizi izan zuen. Independentzia ospatzen zuen ska musikaren erritmoa gutxinaka moteldu zen, bero aguantaezinaren eta bizitza aske eta hobe baten ilusio galduen erakusgarri.
Kalean arriskua, miseria eta mafiak ziren nagusi, dantzalekuetan ordea estilo berri bat jaio zen, izar belaunaldi berri batekin besapean: rocksteadya. Gitarraren shuffle berezia, bajuaren presentzia handia eta ahots liluragarriak zekartzan erritmo honek oihartzun handia izango zuen Erresuma Batuan, laster zerrendetako lehenengo postuak hartuz.
Honako hit hau, Nina Simoneren bertsioa da, 1970ean Bob Andy (aurreko atal batean aipatu genuena) eta Marcia Griffithsek bertsionatu zutena. Londreseko lehenengo kaskamotzek dantzatzen zuten, reggaezale amorratuak baitziren. Anekdota bezala, kuriosoa da dantza-gau batean skinhead talde batek soinu sistemaren kableak kendu eta “Young, gifted and white” abesten hasi zela. Arrazakeria heltzen hasia zen kaskamotz mugimendura, gerora tamalez gailenduko zena.
Deja tu comentario