Abesti bat: Lord Huron – The night we met

Mundua zure kontra dagoela uste duzunean, tristurak edo nostalgiak gogor jotzen zaituenean edo amodioaren ezinegonak lorik egiten uzten ez dizunean abesti hau entzutea gomendatuko nizuke. Ez ditu zure arazoak konponduko eta seguruenik ezer gutxirako balioko dizula, baina abestia sentitzeko gai izango zara. Askotan, gaizki gaudenean, alaitzen gaituen musikan babesten gara. Hala ere, kuriosoa da nola sentimenduak pisutsuak direnean baladek eta tonu melankolikoek inoiz baino indar handiagoa duten gugan. Agian norbaiti ezaguna egingo zaio, “13 reasons why” seriean agertzen baita.

Soinu banda bat: The Masked Ball

Zelako hamarkada 90ekoa… Egia da musikari dagokionez ez dela maitatuena baina zinemarentzat, ordea, urrezko urteak izan ziren. Asko dira filmek eman dizkuguten soinu-banda mitikoak. Epikoak, sentikorrak, ereserkiak… Aski ezagunak direnez haratago beti gustatu izan zait “El hombre de la máscara de hierro” filmean azaltzen den abesti hau, bals ederra da, Luis XIVren maskaradun dantzan entzun daitekena. Nick Glennie-Smithenek sortu zuen garaiko Europako jauregietan dantzatzen ziren obretan oinarrituz. Filma brutala iruditzen zait eta zer esanik ez Gerard Depardieuk antzezten duen Phortos mosketeroaren pertsonaia.

Abeslari bat: GG Allin

Punkietan punkiena, baita zikin, ero eta kabroiena ere. Uste bazenuten Eskorbutoren autodestrukzioa gaindiezina zela okertuta zaudete. Kevin Michael Allin, ezizenez “GG” historiara pasatuko da bere emanaldi bitxi eta kaotikoengatik. Zuzenekoetan biluzik ibiltzen zen kaka, pixa eta burura zetorkion guztia eginez. Ikusleak ere kolpatzen zituen eta askotan kontzertua odoletan blai amaitzen zuen.

Bere letrek pedofilia, arrazismoa eta politikoki okerra den guztiaz hitz egiten zuten. Dokumental bat dago Youtuben bere bizitza kontatzen duena eta benetan gomendagarria da. Drogak, gartzela, prostitutak, punk basatia… bizitza xelebrea, zinez. Iada hilik dago, noski. Tipoa nazkagarri hutsa zen baina tematzar bat edo beste badauka.

Bideo bat: Kodaline – All I want

Youtubeko loturek nahi gabe bideo honetara ekarri ninduten. Istorio kuriosoa iruditu zitzaidan. Lezioa? Itxura fin batek mustrorik beldurgarrienak izkutatu ditzakela eta kontrakoz, bizitzan zailtasun handiak gainditu dituztenen ausardiak mugarik ez duela.

Zein arriskutsuak diren aurreiritziak, azalaz haratago ikusiko bagenu… Istorioak bigarren zatia du beste bideo batean, agian pasatu dira baina entretenigarria da.