Abeslari bat: Woody Guthrie
Woodrow Wilson Guthrie (1912-1967) Oklahoman jaiotako folk musikari bat izan zen, jende arrunta, langileria, behartsuak eta zapalduekin identifikatzeko bere joerarengatik ezagun egin zena, baita faxismoa eta zapalkuntzari zion gorroto biziagatik ere. Sarritan bere musika emanaldietara This Machine Kills Fascists (“Makina Honek Faxistak Hiltzen ditu”) leloa itsatsirik zeraman gitarran.
Gaztetan bere emazte eta semeak utzi behar izan zituen Californiara lan egitera joateko. Bertan pobrezia aurrez aurre ezagutu zuen, bere bizitza erabat markatuz. Ordutik protesta abestiak egiteari ekin zion. Ezkerreko militante sutsua izan zen, New Yorkeko Alderdi Komunistaren egunkarian, esaterako, egunero atal bat idazten ibili zen.
Beranduago EEBBetako marinan sartu zen, musika alde batera utzi gabe. Bere azken urteak ordea gogorrenak izan ziren: bere bigarren emaztea sute batean hil ostean eskizofrenia eta alkoholismoa diagnostikatu zizkioten. Beranduago jakin zuen bere amak izan zuen Huntingtonen gaixotasun genetiko degeneratiboa zuela eta honek jota egoera penagarrian hil zen.
Abesti gogoangarri pila utzi zituen memoriarako, haien artean Espainiako gerla zibilera bolondres bezala joandako brigada internazionalei eskainitako bat.
Bideo bat: Tatxers – Goizean Oskorri
Iruindarren bigarren lanaren lehen aurrerapena. Hiltzatuta geratzen den abesti horietako bat. Atal honetan iada aipatu genuen haien lehen diska, gogoz iada lan berria entzuteko.
Diska bat: Unidad Alavesa – Made in Germany
Ataungo bazterretatik irten da azkenean gogoz itxaroten zen gipuzkoarren hirugarren lana. Beti bezala, paregabeak. Folka, rock and rolla edo country doinuak modu atseginean nahasten dituzten 9 abestiz osaturiko lan borobila, modernismoa eta XXI. mendearen aurkako mezu zuzenez josirik.
Gaiei dagokionez, denetarik: Zegamar herriaz hitz egiten duen kantu nostalgiko bat, Jon Mirandek frantziar hiriburuan pasatutako peripezia dekadenteak, Zumalakarregiri eskainitako omena, Eliza palmarianoaren mobidan oinarritutako bat, Siberiara alde egiteaz hitz egiten duen beste bat… Diska ixten duena ere mundiala iruditu zait, kontzertuak eman eta kontratuak lortzeko beti negarretan ibiltzen diren musikari sasi-profesionalei egindako kritika zuzena. Woody Guthriek gitarrarekin faxistak akatzen zituela zioen baina Artola ere ez da motz geratzen hara eta hona metralla banatzen hasten denean.
Talde bat: The Royal Hounds NYC
Azken boladan ezagutu dudan Oi! talde interesgarri bat, New Yorken sortutakoa, eskola zaharreko Oi! erromantiko hura primeran jorratzen duena. “God Bless the Royal Hounds” da haien lehen lana, 2019an kaleratua, Oi! The Boat Records eta Contra Records zigiluen eskutik. Oker ez banago Simone, taldeko baxulari zena hil zen, beraz ez dakit orain aktibo jarraituko duten.
Deja tu comentario