ABESLARI BAT: UTAH PHILLIPS

Bruce Duncan “Utah” Phillips (1935 – 2008) estatubatuar folk abeslari iraultzaile bat izan zen. Bihotzez eta ekintzez anarkista, sindikalista eta bakezale amorratua zen. Txikitatik hezi izan zen langile borrokaren kontzientziarekin, bere aita Industrial Workers of the World sindikatuko kidea baitzen, beranduago bera ere izango zen bezala.

Koreako gerlan zerbitzatzera behartua izateak asko markatuko zuen bere pentsamendu politikoa. Bertatik itzultzean trenetan bidaiatzeari ekin zion, aitzina eskaleek eta etxegabeek egiten zuten antzera. Bertan abesti ugari idatzi zituen, baita hainbeste maite zuen trena berari eskainitako diska batzuk konposatu ere.

Gizon jakituna zen: historia, kimika, olerkigintza, filologia edo bestelako afizioak ere bazituena. Istorioak kontatzen benetan habila zen eta askotan bere kontzertuek narrazio gehiago zuten musika baino. Langile borroka askorako jotzen ibili zen eta baita politika istituzionalean sartu ere. 1976an Nothing Party alderdiarekin lehendakarigai aurkeztu zen, besteak beste.

TALDE BAT: VIETCONG 68

Barduliako mobida urrun geratu den arren bere lorratza luzea da oraindik, eta garaian taulagainean zebiltzan askok gerla ematen diraute. Orreaga 778, Kaleko Urdangak eta Screamers and Sinners taldetan ibilitako fitxaje paregabe batzuek sortu zuten honako hau orain dela 6 bat urte.

Haien lehenengo lan luzean, Como debe ser (2016) Vietnango Askapen Frontearen imaginarioaz baliaturik skinhead rock and rolla, punka eta power-popa nahastu zituzten letra sarkastiko eta krudelak sortuz. Ez dira monotematikoak, ezta gutxiago ere. Argi utzi zuten A-B (2018) haien bigarren lana ateratzean. Originaltasuna, garraztasuna eta punkean beti atsegin suertatzen den zizelkada tetriko hori dute, hainbat abesti borobilekin. “Retaguardia”, “Generosa II” eta “La ofensiva del Tet” dira nire gustokoenak. Egun taldean aldaketak izan badira ere jotzen jarraitzen dute. Pasa den astean bertan Tafallan izan genituen! Galdu zenuela? Izorra hadi!

DISKA BAT:  OGRO

Entzun nuen lehenengoan zarata besterik ez zitzaidan iruditu baina kaskoekin aukera bat ematean onerako harritu ninduen. Denetarik entzun behar da, joder! Bermeo topera dago, Euskal Herriko skinhead hardcore eta oi! krudelaren kabia bihurtu baita urte gutxitan eta taldeak harrien azpitik ateratzen zaizkio. Honako hauek kobazulo sakon batetik irten omen dira eta esango nuke mobida guzti honetako ilunenak direla, diferentziaz. Haien soinua zein letrak zeharo bortitzak eta krudelak dira. Diska kasete moduan atera zuten poltsatxo batean sarturik, eskuz egindako apainketekin eta estetika fina mantenduz. Piztientzako guda doinu odoltsua, lurrazpitik jaioa eta lokatzetan hezia. Belarri finentzako gomendaezinak!

BIDEOKLIP BAT:  CAROLINA DURANTE Y EL MATÓ A UN POLICÍA MOTORIZADO – ESPACIO VACÍO

Madrildarrak iada atal honetan aipatu nituen arren ez nuen altxor hau kanpoan utzi nahi. El mató a un policía motorizado talde argentinarrarekin batera egindako abesti hau paregabea deritzot, are eta gehiago bideoklipeko tipoaren interpretazioa. Abestia 7º sello taldearen bertsio bat da.