Irailaren 22tik urriaren 7ra Agerraldiaren eskutik Gure Zirkuak bederatzi emanaldi emango ditu Tafallan
Euskal Herriko txoko ugaritan harrera zein kritika onak jaso dituen zirku euskalduna gurera dator azkenean. Barrakak ipintzen diren parkinean egongo da, “La Morenan” eta sarrerak www.gurezirkua.eus helbidean eskuratu daitezke.
Ikuskizunaren nondik norakoak jakiteko eta zirkuaren ibilbidea apur bat ezagutzeko Iker Galartza zuzendariarekin mintzatu gara, askori Goenkale edo Vaya Semanita bezalako telesailetan parte hartu izanagatik ezaguna egingo zaizuena.
Telebistan eta ikuskuzunaren munduan ibilbide oparoa izan duzu. Orain arte egindakoarekin erabat hautsi ez duzun arren, berotu eta zirku bat erosi zenuen, euskaraz egiteko asmoarekin. Zergatik?
Egia esan, ez dakit. 40 urteen krisialdia izango zen, auskalo. Egia da momento onean nenbilela, Antena 3eko Allí abajo seriean soldata ona zen eta agian Madrilen ordezkari bat hartu eta bertatik mugitzeko aukera nuen, baina 3 ume ditut hemen eta ez nuen etxetik urrun ibiltzeko gogorik.
Beti izan naiz zirkuaren maitalea eta batzuek Mercedes bat erosten duten moduan nik zirku karpa bat erosi nuen, kitto.
Alemanian, Italian… Leku guztietan zirkuak daude eta ez dugu zertan gutxiago izan behar. Agian hasieran arraroa suertatzen da zirku batean benvenuti edo good afternoon entzun ordez «arratsalde on» entzutea, baina hori polita da ere bai.

Beroaldia izan zen, baina beti hankak lurrean eukiz. Humiltasunez, jakinda esperientzia gutxikoak ginela baina bihotz eta arima guztia bertan ipiniko genituela.
Zer aurkituko dugu Gure Zirkuan?
Topiko bat dirudi, baina Gure Zirkuan sartzen zaren momentutik mundu magiko batean aurkitzen zara. Munduko zirku disziplina anitzak daude baina euskal artistek eginak. Disziplina tradizionalak dira baina gure ukituarekin.
Umore asko dago ere bai, ikusleak barre asko egingo du, baina momentu hunkigarriak ere badaude. Ordu eta erdiko ikuskizun jarraia da, zirkoaren arte eta magiaz gozatzeko aukera paregabea.
Bazegoen aurrekaririk ala lehenengo zirku euskalduna da?
Zirkuetan artista euskaldunak izan dira baina esango nuke espreski euskaraz diseinatutako zirkurik ez dela egon. Zirku disziplinak kalean egiten ibili gara asko baina horrela karpa batean egina ez dago aurrekaririk.
Artista batzuentzako Gure Zirkua etxera buelta moduko bat izan da. Ortzi Acosta, adibidez, Circo del Solen ibili da 12 urtez eta orain gurekin dago. Beste batzuk Edimburgon, Londresen…
Zentzu horretan zaila da euskararen kontestuan zirkurako lantalde bat aurkitzea?
Ez da erraza, batez ere maila ona eskaini nahi baduzu. Esango nuke onentsuenak hemen gurekin ditugula. Agian disziplina batzuetan badabil jende dezente, esaterako orain tela-aereoa egitea oso modan jarri da eta curriculum ugari heldu izan zaizkigu.
“Zirkua unibertsala da, ez da zertan euskaraz jakin behar trapezista batekin gozatzeko”
Baina Euskal Herrian kontortsionista on bat edo zazpi pilotarekin malabareak egingo dituen norbait aurkitzea zaila da. Gutxiagorekin askok egingo dituzte baina Europako 5 malabarista onenen artean dagoen bakarra dago, eta hori Ekain Ibarguren da, gurekin dagoena.
Nolakoa izan da orain arte ikuslegoaren harrera?
Oso ona, ikaragarria. Kontutan hartu behar da zirku bat dela eta nahiz eta euskara ez jakin berdin disfrutatu daitekela, zirkua unibertsala baita. Euskara asko hitz egiten ez den lekuetan egon gara eta jendeak primeran pasa du. Turistak ere etorri zaizkigu; alemanak, ingelesak, holandarrak… ikuskizunagatik zoriontzen.
Batzuek dudak dituzte, baina gero konturatzen dira malabaristak edo trapezistak ez duela hitz egiten, eta aurkezleak “arratsalde on” esaten duenean denok dakigula zer dioen. Pailazoak ere oso bisualak dira.
Duela gutxi Antsoainen, adibidez, bi astez egoteko asmoz joan ginen eta azkenean lau astez geratu ginen han. Sorpresa asko izan ditugu eta nik uste Tafalla ez dela gutxiago izango.
Zirkua egiteaz bizi daiteke? Hobeto esanda, euskaraz zirkua egiteaz bizi daiteke?
Gu saiatzen gara eta momentuz bizi gara. 8 hilabeteko birak egiten ditugu eta 4ko atsedenaldiak. Takillaz bizi gara, beraz, jendea datorren bitartean jarraitu ahal izango dugu. Batzuek pentsatuko dute zirkuan frikiak bakarrik dabiltzala baina hemen seme-alabak dituen jende asko bizi da, 3 edo 4 umerekin.
Entzuna dut gainera zure familia zurekin bidaiatzen duela zirkuaren karabanan, ez?
Halaxe da bai, hementxe dabiltza eta ikuskizunean ere parte hartzen dute. Egun batean nitaz nazkatu eta ipurdian ostikoa emanez pikutara bidaliko naute, baina momentuz hemen dira (jaja).
Gero bakoitzak bere amets eta ilusioak izango ditu, nik izan nituen bezala, eta hauek jarraitzeko libre izan behar dira handiak direnean.

Pailazo hitza despektiboki erabili ohi da batzuetan, baina txikitan behintzat gehienok adoratu izan ditugu pailazoak. Lan neketsua da? Ongi baloratua dago?
Askok uste dute oso erraz egiten dela, baina pailazo numero on bat egiteko asko entsaiatu behar da ez baitago jendeak barre egingo duela uste eta ez lortzea baino gauza etsigarriagorik. Imajinatu, txistea bota eta “kri-kri, kri-kri”…
Hori ez gertatzeko lan handia egin behar da, gag berriak sortu, hitz egiteko teknikak landu… Gainera mutikoekin aritzean marra oso fina da eta kontuz ibili behar da zer esan eta zer ez jakiteko. Helduentzat dibertigarri eta umeentzat barregarri izatearen arteko oreka bilatzea zaila da.
Teknologiak, paintailek eta sare sozialek umeen gustuak, jokoak edo dibertitzeko erak guztiz aldatu dituzte. Zentzu horretan umorea ere aldatu da?
Esango nuke ezetz. Guk egiten ditugun ikuskizun batzuk orain dela 100 urte egiten ziren eta nahiz eta gaur egun umeak teknologiaren munduan murgilduta egon, zuzenekoak sekulako indarra du eta barrez lehertzen dira.
Ez dago mobilak, tabletak edo play stationak kendu eta zurezko banku batean pailazoak ikustera ipintzea baino gauza hoberik. Gozada bat da umea beti ume delako. Gaur egun bideojokuekin aritzen dira aurrean jartzen zaizkielako, baina hauek gabe berdin dibertitu daitezke.
25 urte baino gehiago daramatzazu Poxpolo pailazoa interpretatzen. Zure Mr Hyde bezalako bat bihurtu da iada, zure beste aurpegi bat. Zer erakutsi dizu Poxpolok? Zer ikasi duzu berataz?
Poxpolok Iker Galartzari erakutsi dio Iker Galartza izan behar duela, hau da, ezin duela beti libre izan. Era berean, Poxpolok aukera eman dit egunerokotasunean esan ezin dudana sudur gorri bat ipiniz botatzeko.
Hala eta guztiz ere pailazoa barrenetik ateratzen zaidan zerbait da, ez da nirekin zer ikusirik ez daukan norbait, kontrakoa baizik.
Deja tu comentario